Friday, September 28, 2012

Ahozkoa ikasgelan

Hik Hasi 142, 16-22.

Itziar Plazaola: “Hizkuntza gutxiagotuen kasuan, indartu egin beharko litzateke ahozkotasuneko hainbat genero era sistematikoan lantzeko jarrera.”


(...) Ahozkotasuna ere lantzen duzu, ez testu idatzia soilik. 

Ahozkotasuna geroago agertu den arazoa da. Eta ez Euskal Herrian soilik, nahiko orokorra da. Irakaskuntzan ere arazo gisa ageri da, jabetu baikara ahozko hizkuntzan benetako baldintza on batzuk lortzeko ez dela nahikoa ahozko ekoizpen egoeretan ibiltzea. Herri batzuetan, azken hamar urteetan edo, gai horri heldu zaio; hau da, jabetu dira hezkuntzan ez dela lanketa  idatzia soilik egin behar, ahozkoa ere landu beharreko zerbait dela.

(...) Zer esan nahi du lanaren azterketak?

Lanbide guztien lanaren azterketa interesgarria bada ere, irakaslearen lana zertan datzan interesatzen zaigu guri. Irakaslearen zeregina lan moduan ikustea. Hori guztia mundu frankofonoan asko lantzen den zerbait da;  besteak beste, Ergonomia Kognitiboan. Niri gelara sartzea eta gelan sortzen den jarduera aztertzea interesatzen zait. Gelan sartu aurretik ahozkoa nola landu behar den ez, baizik eta gelan zer gertatzen ari den ezagutzea eta hortik abiatzea. Irakasleak lana nola egiten duen jasotzea. Jarduera hori behatzea eta aztertzea oso garrantzitsua da.

Asko aztertu al duzue gelako jarduera hori?

Bai. Irakas objektua ikusten baino, jarduera bere osotasunean ikusten saiatzea komeni da. Pedagogiaren eta didaktikaren artean egon diren kontrajartzeak, agian, horrela gaindi litezke. Hau da, osotasunean aztertuz eta  irakas jarduera zein den kontuan hartuz. Adibidez, eginbeharrak zein diren eta egile kolektiboak nola  planteatzen dituen kontuan hartuz, ez irakasle bakoitza bere aldetik; alegia, ataza baten inguruan nola erantzuten duten denek. Niri jardueraren osagai nagusi gisa interesatzen zait ahozkoa: irakaslearen berbaldia, zer egiten den ahozkotasunaren bidez irakas lana antolatzeko…

Nola jokatzen da praktikan?

Unibertsala izan litekeen zerbait da. Bizi garen Mendebalde honetan, behintzat, jokaera nagusia hauxe da: irakaslea gelan sartzen da eta hark esaten die ikasleei zer egitera doazen. Hasierako sekuentzia bakarrizketa  bat da, lana antolatzea helburu duena: nola arituko diren elkarrekin, zer hartu behar duten, zer den bidezko,  antolaketa horren azpian dagoen akordioa eta abar. Jarduera hori da niri aztertzea interesatzen zaidana.

Hori orokorrean, baina ahozkotasuna landu beharreko objektu gisa ere hartzen da.

Hori da. Askok hortik jotzen dute. Pentsatzen dut hori ere egin beharrekoa dela. Komunikazio korronte batzuen interpretazio okerra zuzentzen ari gara orain. Ulertu da hitz egiten utzi behar zaiela ikasleei, besterik  gabe, inongo pautarik eman gabe. Zer gai lantzen diren eta nola irakasten den kontuan hartu gabe. Horrela jokatuz, oso murritzak izan daitezke elkarrizketak. Hainbat genero modu sistematikoan lantzeko nola bideratu behar diren landu dugu guk. Prozesu hori nolabait kontrolatu beharra dago, gertatzen denaren  jarraipena egin beharra dago.Garai batean komunikatzea aditzera zela esaten bazen, ahozkotasuna behar den moduan lantzeko hori ez dela nahikoa ohartu gara. Horregatik, ahozkoa objektu gisa ere tratatzeak bere
arrazoiak ditu. Dena den, curriculumaren beste ikasgaietan nola ari garen lanean da nik gehien landu dudana:  nola ari den irakaslea Matematikan, Zientzietan… Zer baldintza izan ditzakeen, irakaslearen ekitaldiak  nolakoak diren, ikasleak nola jokatzen duen bai gaia eta bai hizkuntza hobetu ditzan… Kontuan hartu behar  da, bestalde, Europako alde gehienetan ez daudela hizkuntza bakarreko ikasleak. Askotan, hizkuntza bereko ikasleak ere ez daude gela berean. Genevako etorkinen kopurua, adibidez, % 40tik gorakoa da.

Eta hizkuntza gutxiagotua bada?

Orduan, gehiago landu beharko lirateke bai ahozko genero formalak, eta baita ez-formalak ere, objektu edo helburu gisa landu beharko lirateke. Eskola hizkuntza ama hizkuntza ez bada, garbi dago hainbat genero  mota landu behar direla. Nik uste dut hizkuntza gutxiagotuen kasuan, indartu egin beharko litzatekeela halako era sistematikoan lantzeko jarrera.

Berriro gai nagusiari helduz, ahozkotasuna ongi lantzeko, zein dira gako nagusiak?

Hizkuntza ongi erabiltzeko ahozkotasuna landu egin behar da. Nire ustez, ahozkotasuna lantzeko gako nagusia eta kontuan hartu beharrekoa hauxe da: ikaslea zer baldintzatan eta egoeratan jartzen dugu? Ikaslea diodanean, ikasle bakoitzaz ari naiz. Alegia, baduen ekoizteko aukerarik, baduen aurkezpenak egiteko  denborarik, entzuten al diogun ikasleari, erantzuten al diogun… Hor dago gakoa. Elkarrekintzarik badagoen edo ez. Eta ikasle bakoitza dagoen egoeratik aurrera eramaten saiatzen garen edo ez. Hori litzateke ideia nagusia. Irakaslegaiekin ere horretan aritzen gara: filmazioak egin, ikusi, jarduera nolakoa izan den aztertu,  zer gertatu den hausnartu, nola hobe litekeen hitz egin… Hainbeste gauza gertatzen da gela batean, hain konplexua da irakaskuntza, oso zaila da dituen alderdi guztiei heltzea. Dena den, hizkuntzaz ari bagara, eta hizkuntzaren jabekuntzaz ari bagara, ikasleen ikuspuntutik, haien errealitatetik abiatu behar dugu. Saio batean, bestean eta hurrengoan honako hau behatu eta hausnartu behar dugu: ikasleak hitz egiteko aukera  izan duen edo ez, zer esana izan duen edo ez… Hori da ahozkotasunaren gako nagusia. Irakasle asko eta  asko beren grabazioak entzun edo ikusitakoan harrituta geratzen dira zenbat hitz egiten duten

(...)

Elkarrizketa osoa irakurri nahi baduzu, klikatu hemen 




No comments:

Post a Comment